XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Wyoming, Ipar-Ameriketan, Bi anai arreba elgarretaratuak 60 urteren buruan.

Ba gertakari ezin sinetsia! 60 urteren buruan, bi anai arreba euskaldunek elgar atxeman eta ikusi dute.

Huna beraz heien ixtorioa zinez interesgarria!.

Sortzez Iholdiarrak Serora bat: Marie St-Yves Harguindeguy, Iholdin sortua, Bordelen bizi dena, izan berria da Ameriketan, Wyoming estadoan.

Eta han ikusi du bere anaia: Jean Bertrand Harguindeguy.

Hau herritik joanez geroz, berririk eman gabe egona da eta beraz haurridek ez zakiten zer bilakatua zen.

Funtsean uste zuten aspaldi hila zela.

Nola elgar atxeman duten Duela 5 urte, serora horrek izkiriatu zautan bazuela anaia bat Ameriketarat joana, artzain, 1928-an.

Izan dut egia erran, Ameriketan Euskaldunen apez nintzalarik galdeera frango, norbait atxeman beharrez, bainan holakorik guti!.

Eta ni galdeka alde guzietan xaharreneri bazenez izen hortakorik, hor gaindi ezagutu zutenik artzain!.

Bazuen ere lehen kusi bat Pete Harguindeguy, Kalifornian, hau geroztik zendua, eta hunek uste zuen, Wyoming alderat joan zela, artzain.

Orduan hango artzain nagusi xahar bati eskatu nion (hau Gaston Carricaburu, sortzez Bankarra) eta erran zautan: Bazen ba hemen gaindi, naski izen hortako norbait, bainan badu 30 urte bederen ez dutala ikusi ez entzun zer bilakatu den.

Ez nuen beraz deus jakiten ahal.

Eta handik 2 urteren buruan, duela orai 3 urte han gaindi pasatzean, Rock Springs-eko apezak erraiten dauta bazutela Lander herrian, xahar etxe batean, gizon bat, izen bitxi bat zuela eta ezin zilatua zutela nungoa zen.

Hain xuxen bazuen izena berekin: John Har, egindei... erranez: Euskalduna iduri dia izen horrek?.

Gogoratu zautan orduan xekatzen nuen gizon xahar hura zela eta gainera herritarra nuela!.

Gure Iholdiarra bizi eta pixkor.

Joan nintzen beraz Lander Herrirat eta han atxeman nere gizona.

Hango artatzaileak harrituak zauden.

Ni euskaraz mintzo eta harek irri pollit bat....

Ezen ez zakiten zer mintzaira egiten zuen: Frantsesa ala espanola eta etzakien izkiriatzen....

Gehiago dena mintzoa galdua zuen, paralesia baten ondotik.

Eta horra ene galdeeri arrapostua emaiten zuela keinu batzu eginez.

Hura zen beraz Jean Bertrand Harguindeguy Iholdin sortua.

Estadoko etxe handi hortan bizi zen 30 urte hartan 1000ko bat xahar, eri, enbalier eta beste inguruan zituela... Kozinan laguntzen ari zen.

Zer ixtorioa 20 urtetan (1902 an sortua), joan zen beraz Ameriketarat, untzian, beste hamar bat euskaldunekin, denak artzain, Wyoming-erat.

Mendi handiak ditu Estado horrek eta ardi leku famatua.

Ospitale hartan zioten noizbeit, polizari oldartu zela John eta preso altxatua izan zela....

Ikustearekin ez zuela paperik (aspaldian galduak zituzken...), ez zuela ere inglesik egiten eta nehork ez zuela konprenitzen ahal haren mintzaira, igorri zuten estadoko ospitale hartarat eta geroztik han zen.

Orduan Pete Hargindeguy Kaliforniatik joan zen ikusterat eta hunek ere ez zela dudarik: hura zuela bere lehen kusia.

Izan ziren ere Gaston Carricaburu eta Léon Jaureguy Rock Springs-etik eta hek ere ezagutu zuten bainan ezin elgar mintzatu.

Berehala serorari izkiriatu nion. Pentsa guti harritu zenez.